”NAHIKO” proba gisako egitasmo bat da, eskoletako neska eta mutilek etorkizunean izango dituzten bikote-harremanetan tratu txarrik egon ez dadin lan egiteko prestatua, eta saiakuntzan, ikerketan eta programan parte hartuko duten ikastetxeetako irakasleekin batera egin beharreko ekintzan oinarritua.
Presentacion.
Emakumeen aurkako-indarkeria fenomeno konplexua eta dimentsio anitzekoa da, eta jatorri argi bat du: emakumeek gizartean duten desberdintasunegoera, arazo estrukturala, inondik inora. Horrela jasotzen du "Etxean tratu txarrak eta sexu-erasoak jasotzen dituzten emakumeei laguntza hobea emateko erakunde
arteko hitzarmenak". Eta dio, arazoa desagerrarazteko, ezinbestekoa dela jarduera koordinatuak egitea, dela esku-hartzearen alorrean, dela prebentzioaren alorrean.
Indarkeria sexista prebenitzeko, nahitaezkoa da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak
desagerraraztea, hori baita bortizkeriaren oinarria. Horretarako, behar-beharrezkoa da gizarteratze-prozesuan parte hartzen duten erakunde eta mekanismo guztiguztietan eragitea (familian, eskolan, hedabideetan, publizitatean, hizkuntzan...) eta indarrean dauden genero-rol eta -estereotipoak aldatu eta sexuen arteko berdintasunean eta errespetuan oinarritutako balioak eta ereduak sustatzea.
Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Legeak, 2005eko otsailean onartutakoak, hezkuntza-arloan
emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna sustatzeko jarduerak arautzen ditu (III. kapitulua, 1. atala). Hain zuzen, 29. artikuluan, hezkidetzako proiektuak egitea aipatzen zen, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen lagun dezaten.
Testuinguru horretan, Emakundek "NAHIKO emakumeen aurkako indarkeriaren prebentziorako hezkidetza programa” jarri zuen abian. Programa hori azken urteotan erakundeak hezkidetza sustatzen eta nerabezarotik bertatik etxeko tratu txarren prebentzioan egindako lanaren jarraipena da. NAHIKO gure mutiko eta neskatoen etorkizuneko bikote-harremanetan tratu txarrak prebenitzeko programa bat da.
10-12 urte-tartean ezartzen da eta oinarri ditu esperimentazioa, ikerketa eta programaren saiakuntza-faseetan parte hartu duten ikastetxeetako irakasleekiko elkarlana. Programa 2003an jarri zen abian, eta lehenengo fasea, hiru ikastetxetan egindako programa pilotua, 2005eko ekainean amaitu zen. Programa pilotuak emaitza onak izan zituela ikusita, 2005eko azaroan saiakuntzako 2. fasea jarri zen abian 2005-06 eta 2006-07 ikasturteetarako. Fase horretan, 37 ikastetxek hartu dute parte, 67 taldek, hezkuntzako 100 profesional inguruk, eta ia 1.500 ikaslek eta horien familiek.
Programak, saiakuntzan zehar, hasieratik bertatik planteatutako lau jarduera-ardatz izan ditu oinarri: irakasleak prestatzea, ikasleak errealitate horretaz ohartaraztea, familiak errealitate horretaz ohartaraztea eta materialak sortzea.
Saiakuntzako lau urteen emaitza moduan, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan lantzeko material sorta
bat sortu da. Materialak unitate didaktikotan antolatuta daude, eta horietako bakoitza hiruhileko batean lantzeko moduan prestatuta dago.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi hemen aurkezten dizuegun materiala prozesu konplexu baten hasiera dela,
Emakundekook Lehen Hezkuntza osoan landu nahi dugu-eta gaia. Horregatik, lau urteko (2003-07) lanaren
emaitza argitaratu ondoren, erakundeak, bigarren fase batean, Lehen Hezkuntzako beste zikloetarako metodologiak eta materialak ikertzen eta garatzen jardungo du.
Beraz bide luze, zail eta liluragarri baten lehenengo urratsaren amaiera da. Baina jakitun gara hezkidetzako esku-hartze sistematikoa nahitaezkoa dela mutikoen eta neskatoen arteko berdintasunean -etorkizuneko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean, alegia- aurrera egiteko, eta horretan oinarrituta, bikote-harreman egokiak sortzeko, TRATU ONAK oinarri hartuta.
IZASKUN MOYUA PINILLOS
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Zuzendaria
Directora de Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer